Kea, sua eta sorginkerietarako unea da
SAN JOAN eguna Euskal Herrian. Ura, senda
belarrak eta sua protagonista
bilakatzen den eguna da San Juan.
Donibane edo San Joan ekainaren 24ean
ospatzen da, udako solstiziotik (aurten ekainaren 21ean) gertu.
San Joan egunaren inguruan erritual franko ospatzen dira Euskal Herrian:
-Etxeetako ate eta leiho askotan lizarraren edo elorri zuriaren adaxkak jartzen dira egunsentian, eguzki berriak etxe horretan bizi
direnak bedeinka eta babes ditzan.
-San Joan bezperan herrietako plaza nagusietan lizar edo haritz handi bat
jartzen da eta herriko dantzariek dantza erritualak egiten dituzte zuhaitzaren
inguruan. Askotan lizar horietatik zintzilik San Joan gereziak ipintzen
dituzte.
-Herri, auzo, baserri ugaritan sua pizten da. Suak eguzki berria indartzen
du eta gizakion gaizki eginak garbitzen ditu. Zenbait herritan patatak erretzen
dituzte San Joaneren gaueko suan eta gero bertara hurbildu direnen artean
banatzen dituzte denek jan ditzaten. Lehen, eta duela oso gutxi arte,
oroitzapen txarrak ekartzen zituzten arropak edota objektuak surtara botatzen
zituzten, eguzki berriak zorte hobea ekarriko zielakoan.
Gau magiko horren inguruan hamaika sinesmen daude gure geografiaren
luze-zabalean:
·
Euskal Herriko ibai
eta erreketako urak indar berezia dutela diote hainbat mitok.
·
Gauerdian, hamabiak
jotzen duen unean, errekako ura ardo bihurtzen da eta harriak, ogi. Une
horretan erreka bazterretan izanez gero, bizitza osorako zoriontasuna lor
daiteke.
·
Nafarroan, bainua
hartzeko ohitura zegoen Donibane gauean erreka edo iturrietan, urte osoz
katarro eta gripea uxatzeko.
·
Beste zenbait tokitan
ekainaren 24ean eguna esnatzearekin batera lehen ihintza hartzeko ohitura
zuten. Osasunentzat ona omen da. Horregatik asko ziren larru gorritan
belarretan etzanda ihintzaren zain izaten zirenak, katarroa sendatzeko
erremediorik onena zelakoan.
·
Ekainaren 24eko
goizaldean, Donibane egunaren lehen orduekin batera asko ziren landare bila
abiatzen zirenak, udako solstizioarekin batera landareak indartu egiten zirela
baitzion ohiturak.
·
Luzaiden (Nafarroa), berriz, hildakoak bidaia ona egin zezan,
hil kutxan Donibane egunean bedeinkaturiko landareez beteriko buru oihala
jartzen zen.
·
Itsasoan biluzik,
bizkarra emanez eta ilargiari begira sartzen denak gauza handiak egiteko aukera
izango duela ere esaten da.
·
Ekainaren 24an,
gauerdian, euren bizitzako maitasuna nolakoa izanen den ezagutuko dute leihotik
begiratzen duten ezkongaiek.
23 gauean suaren inguruan honako hauek eta antzekoak kantatzen
dira:
“San Joan dala,
sugea ta zapoa sutara, artoa ta garia barrura”.
“San Joan bezpera
gauean lapurrak eta sorginak erre, artoak eta gariak ondo gorde”