2018(e)ko ekainaren 23(a), larunbata

DONIBANE edo SAN JOAN jaia

DONIBANE edo  SAN JOANen inguruko sinesmenak


Kea, sua eta sorginkerietarako unea da SAN JOAN eguna Euskal Herrian. Ura, senda belarrak eta sua protagonista bilakatzen den eguna da San Juan.
Donibane edo San Joan ekainaren 24ean ospatzen da, udako solstiziotik (aurten ekainaren 21ean) gertu.
San Joan egunaren inguruan erritual franko ospatzen dira Euskal Herrian:
-Etxeetako ate eta leiho askotan lizarraren edo elorri zuriaren adaxkak jartzen dira egunsentian, eguzki berriak etxe horretan bizi direnak bedeinka eta babes ditzan.
-San Joan bezperan herrietako plaza nagusietan lizar edo haritz handi bat jartzen da eta herriko dantzariek dantza erritualak egiten dituzte zuhaitzaren inguruan. Askotan lizar horietatik zintzilik San Joan gereziak ipintzen dituzte.
-Herri, auzo, baserri ugaritan sua pizten da. Suak eguzki berria indartzen du eta gizakion gaizki eginak garbitzen ditu. Zenbait herritan patatak erretzen dituzte San Joaneren gaueko suan eta gero bertara hurbildu direnen artean banatzen dituzte denek jan ditzaten. Lehen, eta duela oso gutxi arte, oroitzapen txarrak ekartzen zituzten arropak edota objektuak surtara botatzen zituzten, eguzki berriak zorte hobea ekarriko zielakoan.
Gau magiko horren inguruan hamaika sinesmen daude gure geografiaren luze-zabalean:
·         Euskal Herriko ibai eta erreketako urak indar berezia dutela diote hainbat mitok.
·         Gauerdian, hamabiak jotzen duen unean, errekako ura ardo bihurtzen da eta harriak, ogi. Une horretan erreka bazterretan izanez gero, bizitza osorako zoriontasuna lor daiteke.
·         Nafarroan, bainua hartzeko ohitura zegoen Donibane gauean erreka edo iturrietan, urte osoz katarro eta gripea uxatzeko.
·         Beste zenbait tokitan ekainaren 24ean eguna esnatzearekin batera lehen ihintza hartzeko ohitura zuten. Osasunentzat ona omen da. Horregatik asko ziren larru gorritan belarretan etzanda ihintzaren zain izaten zirenak, katarroa sendatzeko erremediorik onena zelakoan.
·         Ekainaren 24eko goizaldean, Donibane egunaren lehen orduekin batera asko ziren landare bila abiatzen zirenak, udako solstizioarekin batera landareak indartu egiten zirela baitzion ohiturak.
·         Luzaiden (Nafarroa), berriz, hildakoak bidaia ona egin zezan, hil kutxan Donibane egunean bedeinkaturiko landareez beteriko buru oihala jartzen zen.
·         Itsasoan biluzik, bizkarra emanez eta ilargiari begira sartzen denak gauza handiak egiteko aukera izango duela ere esaten da.
·         Pikondo baten azpian musika-tresna batekin jartzen denak, berehala ikasiko du tresna jotzen.
·         Ekainaren 24an, gauerdian, euren bizitzako maitasuna nolakoa izanen den ezagutuko dute leihotik begiratzen duten ezkongaiek.

23 gauean suaren inguruan honako hauek eta antzekoak kantatzen dira:
“San Joan dala, sugea ta zapoa sutara, artoa ta garia barrura”.
“San Joan bezpera gauean lapurrak eta sorginak erre, artoak eta gariak ondo gorde”


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina