1931an EMAKUMEEK BOZKATZEKO ESKUBIDEA
LORTU ZUTEN ESPAINIAN
Gaur betetzen da Espainian emakumeentzat bozkatzeko eskubidea onartu zuteneko 89. urteurrena. (Eskubide hori ezin izan zen erabili 1936 eta 1975 urteen artean, Franco-ren diktadura zela eta.) Esku-hartze hori 1931ko urriaren 1ean egin zen, II. Errepublikaren Konstituzioa idazteko eztabaidetan.
CLARA CAMPOAMOR, espainiar politikaria, emakumeen botoaren bultzatzaile sutsua izan zen. 1888an jaio zen Madrilen eta Zuzenbide ikasketak egin ondoren abokatu lanetan hasi zen eta gero politikan murgiltzea erabaki zuen, Sozialismoan lehenbizi, gero errepublikar zentristekin. 1931n, Bigarren Errepublikan, diputatu aukeratu zuten Espainiako Kongresuan; emakumeak aukeratuak izan zitezkeen, baina ezin zuten botorik eman... eta posizio horretatik ekin zion emakumeen boto eskubidea lortzeko borrokari.
Espainian Sufragio Unibertsala ezartzea lortu zuen Campoamorrek, baina 1937an erbestera joan behar izan zuen, Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz. Buenos Aires-en bizi izan zen 10 urtez, eta ondoren, Suitzako Lausana-n. Baina erbestetik ere emakumeen eskubideen aldeko lanean jardun zuen: hitzaldiak eman eta liburuak idatzi zituen, besteak beste. 1972ko apirilaren 30ean hil zen hiri suitzarrean, minbiziak jota. Urte batzuk geroago bere gorpuzkiak gurera ekarri zituzten: Donostiako Polloeko hilerrian erraustu zituzten.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina