Otsailak 11:
Felisa Martin Bravo donostiarra izan zen Fisikan doktore izatea lortu zuen lehen emakumea Espainian, 1926an.
Baina beste arlo batzuetan ere aitzindari izan zen.
1898an
jaioa, Donostiatik Madrila joan zen Zientzia Fisikoak ikastera. Oraindik
unibertsitarioa zela, institutu batean irakasle hasi zen, zientzia arloan. 24
urterekin lizentziaduna, X izpiekin kristalen egitura ikertzen hasi zen Julio Palacios
fisikariaren ikerlari-taldean. Felisa izan zen lantalde horretako lehen emakumea.
LUR ARRAROAK
Lur planetan
badira lur edo oxido arraroz osatutako mea eta metal batzuk; horrela esaten
zaie: lur arraroak. Felisa Martinen oxido-ikerketei esker, Espainian
aitzindari izan zen mea eta metal horiei buruzko jakintzan. Felisak ez zekien
ondo XXI. mendean “lur arraro” horiek
ze garrantzi izango zuten.
Lur arraro horien kopurua, aukeran, txikia
da munduan, baina asko erabiltzen dira: erradiologian, elektronikan, energia
eolikoan, arlo militarrean; edo eskuko telefonoak egiteko, auto hibridoak,
imanak, kontsumo txikiko lanparak…
Felisa
Martinek bere ikerketak eten zituen, ezin baitzuen ikertu eta institutuan
eskolak eman. Hala, 1925ean ikerketak utzi eta irakasle izateko oposaketak egin
zituen. Baina 1926an, Fisikan doktore egin zen, lehen emakumea Espainian.
1927an, AEBetan aritu zen nesken hainbat eskolatan gaztelania eta fisika
irakasten. Gutxira ezkondu egin zen Jose Vallejo, Filologia katedradunarekin.
AEMET, CAMBRIDGE ETA GERRA
1928an, AEMET meteorologia-agentzian hasi zen lanean, agentziako lehen emakumea bihurtuz. Ez zituen beste zeregin batzuk baztertu horregatik:
Madrilen ikertzen segitu zuen, eta beka bati esker, Cambridgen (Ingalaterra) ere bai. Baina
beka ez zioten luzatu eta AEMETera itzuli zen. Hantxe harrapatu zuen Gerra
Zibilak. Gerrak bi erakundetan zatitu zuen AEMET: bata, frankista; bestea,
Felisaren jirakoa, errepublikazalea. Azken honek Valentzian jarri zuen egoitza,
baina Felisak Valentziara joan nahi ez, eta bota egin zuten.
Gerra amaituta, frankistek, militarrak jarri zituzten meteorologia-behatokietan agintzen, Igeldon (Gipuzkoa) barne. Baina Igeldoko buruzagi militarra Salamancara bidali zutenez lanera, aditu bat behar eta Felisa Martin joatea lortu zuen behatokiko zuzendaritzak. Besteak beste, galernak ikertzen aritu zen.Felisak herrikide bat zuen lankide, Karlos Santamaria matematikari euskaltzalea. Felisak proposatu zuen lankidea Igeldoko behatokiko zuzendari izateko. Proposamena onartuta, Felisa Madrila itzuli zen senarrarekin. Biek, lanean aritzeko, frogatu behar izan zuten ez zeudela Errepublika-zaletasunak “kutsatuta”, “garbitasun espediente” bat gainditu behar izan zuten, alegia. (Gooratu behar da, Espainia Frankoren diktadurapean zegoela) Baita lortu ere. Baina hori lortzeagatik bikotea susmagarri bihurtu zen antifrankista askorentzat. Izan ere, gerra-ondoren meteorologia-zerbitzuak Aireko Armadari atxikita zeuden. Sasoi hartan hainbat ikerketa argitaratu zituen Felisa Martinek. 1960. urtean erretiroa hartu zuen arte lanean aritu zen Meteorologia Zerbitzu Orokorrean, Madrilen. Bertan hil zen 1979an.
(Gogoratu, blog honetan, 2020ko otsailean, gure eskualdeko gaurko zientzialaria bati buruzko informazioa duzula)