2021(e)ko otsailaren 11(a), osteguna

EMAKUME ZIENTZIALARIEN NAZIOARTEKO EGUNA

 Otsailak 11:

EMAKUME ETA NESKA ZIENTZIALARIEN EGUNA

Emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze erabatekoa eta berdintasunezkoa izan dezaten, Nazio Batuen Batzar Nagusiak, otsailaren 11,  Emakume zientzialarien  Nazioarteko Eguna izendatzea erabaki zuen 2016an.
Harrez gero, egun hau dugu, bereziki, Historian zehar izan diren emakume zientzialarien lan ikusezina goraipatzeko eguna, eta baita gaur egun emakumeek arlo horretan duten garrantzia aldarrikatzeko ere.

FELISA MARTIN (Donostia 1898-Madril 1979)     METEOROLOGOA eta FISIKAN DOKTOREA



Felisa Martin Bravo donostiarra izan zen Fisikan doktore izatea lortu zuen lehen emakumea Espainian, 1926an. Baina beste arlo batzuetan ere aitzindari izan zen.

 1898an jaioa, Donostiatik Madrila joan zen Zientzia Fisikoak ikastera. Oraindik unibertsitarioa zela, institutu batean irakasle hasi zen, zientzia arloan. 24 urterekin lizentziaduna, X izpiekin kristalen egitura ikertzen hasi zen Julio Palacios fisikariaren ikerlari-taldean. Felisa izan zen lantalde horretako lehen emakumea.

 LUR ARRAROAK

Lur planetan badira lur edo oxido arraroz osatutako mea eta metal batzuk; horrela esaten zaie: lur arraroak. Felisa Martinen oxido-ikerketei esker, Espainian aitzindari izan zen mea eta metal horiei buruzko jakintzan. Felisak ez zekien ondo XXI. mendean “lur arraro” horiek ze garrantzi izango zuten.   

   Lur arraro horien kopurua, aukeran,      txikia da munduan, baina asko erabiltzen dira: erradiologian, elektronikan, energia eolikoan, arlo militarrean; edo eskuko telefonoak egiteko, auto hibridoak, imanak, kontsumo txikiko lanparak…

 Felisa Martinek bere ikerketak eten zituen, ezin baitzuen ikertu eta institutuan eskolak eman. Hala, 1925ean ikerketak utzi eta irakasle izateko oposaketak egin zituen. Baina 1926an, Fisikan doktore egin zen, lehen emakumea Espainian. 1927an, AEBetan aritu zen nesken hainbat eskolatan gaztelania eta fisika irakasten. Gutxira ezkondu egin zen Jose Vallejo, Filologia katedradunarekin.

AEMET, CAMBRIDGE ETA GERRA


1928an, AEMET meteorologia-agentzian hasi zen lanean, agentziako lehen emakumea bihurtuz. Ez zituen beste zeregin batzuk baztertu horregatik: Madrilen ikertzen segitu zuen, eta beka bati esker, Cambridgen (Ingalaterra) ere bai. Baina beka ez zioten luzatu eta AEMETera itzuli zen. Hantxe harrapatu zuen Gerra Zibilak. Gerrak bi erakundetan zatitu zuen AEMET: bata, frankista; bestea, Felisaren jirakoa, errepublikazalea. Azken honek Valentzian jarri  zuen egoitza, baina Felisak Valentziara joan nahi ez, eta bota egin zuten.

Gerra amaituta, frankistek, militarrak jarri zituzten meteorologia-behatokietan agintzen, Igeldon (Gipuzkoa) barne. Baina Igeldoko buruzagi militarra Salamancara bidali zutenez lanera, aditu bat behar eta Felisa Martin joatea lortu zuen behatokiko zuzendaritzak. Besteak beste, galernak ikertzen aritu zen.Felisak herrikide bat zuen lankide, Karlos Santamaria matematikari euskaltzalea. Felisak proposatu zuen lankidea Igeldoko behatokiko zuzendari izateko. Proposamena onartuta, Felisa Madrila itzuli zen senarrarekin. Biek, lanean aritzeko, frogatu behar izan zuten ez zeudela Errepublika-zaletasunak “kutsatuta”, “garbitasun espediente” bat gainditu behar izan zuten, alegia. (Gooratu behar da, Espainia Frankoren diktadurapean zegoela) Baita lortu ere. Baina hori lortzeagatik bikotea susmagarri bihurtu zen antifrankista askorentzat. Izan ere, gerra-ondoren meteorologia-zerbitzuak Aireko Armadari atxikita zeuden. Sasoi hartan hainbat ikerketa argitaratu zituen Felisa Martinek. 1960. urtean erretiroa hartu zuen arte lanean aritu zen Meteorologia Zerbitzu Orokorrean, Madrilen. Bertan hil zen 1979an.

(Gogoratu, blog honetan, 2020ko otsailean, gure eskualdeko gaurko zientzialaria bati buruzko informazioa duzula)



 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina