ARALAReko MIKEL DEUNA
eta GOÑIko TEODOSIOri buruzko kondaira
Nafarroako leku mitikoenetako bat Aralarko San Migel santutegia
da. Bere izenak dioen bezala, Aralar mendilerroan dago, Lekunberri herrian.
Santutegi honen kondaira Goñiko Teodosio-ren
inguruan sortu zen. Honek musulmanen inbasioa gertatu zenean, haien aurka
borrokatzera joan behar izan zuen.
Goñiko Teodosioren
pertsonaia historia eta kondairaren artean kokatzen dena, Aralarko San Migel
santutegiaren sortzailea izan zen. Bera existitu zela ziurra izanik, santutegiaren
fundazioaren jatorria da kutsu mitologikoa duena. 707. urte inguruan gertatu omen
zen kondaira baten ondorioz, eta bertan pertsonaia mitologikoak agertzen dira.
Nafarroan, 707. urtean, Teodosio izeneko jauna,
Constanza de Butronekin ezkondua, Goñi bailaran bizi zen eta eskualdeko
buruzagia zen.
Ezkondu eta gutxira, Teodosiok bere etxea utzi behar
izan zuen arabiarren aurkako borroka zuzentzeko. Constanza bere jauregian
gelditu zen Teodosioren gurasoekin, eta hauei esan zien bere gela handi eta dotorean
lo egiteko, bera txikiago batera joanez, bakarrik baitzegoen.
Teodosio garaile itzuli zenean bere jauregira, deabrua Basajaun bezala
mozorrotuta agertu zitzaion bidean, eta emaztea morroi batekin iruzurra egiten
ari zitzaiola sinetsarazi zion. Teodosio, bere onetik aterata, zaldiak ahal zuen abiadurarik
handienean, etxerantz joan zen. Egunsentian bere jauregira iritsi eta bere ezkontza-logelara
amorruz beteta sartu zen ezpata prest zuelarik. Han, ohean, zeuden bi pertsonak hil
zituen amen batean, emaztea eta bere maitalea zirela sinetsita.
Ustez emazteak egindakoa mendekatu zuela pentsatuta, etxetik atera eta...
harrituta geratu zen, elizatik zetorren emaztearekin topo egitean. Bat batean, ohartu
zen bere ohean lo zeudenak eta erail zituenak bere gurasoak zirela. Burututako krimenaren
ondorioen beldurrez, Iruñera joan zen gotzainari barkamena eskatzera. Honek, izututa,
Erromara bidali zuen Aita Santua bera izan zedin bere bekatua barkatuko zuena. Teodosio,
damututa, Erromara joan zen eta Aita Santuak penitentzia bezala, agindu zion gerrian kate
sendo astun batzuk lotuta Aralarreko mendietan ibiltzea hara eta hona, etxera itzuli gabe,
kate haiek, guztiz higatuta, apurtu arte,Teodosio askatuz. Kateak apurtzea izango zen
Jainkoaren barkamenaren seinale argia.
Era berean, Aralar mendilerroaren haitzulo ugarietako batean bizi zen Herensugearen
existentziaren kondaira ere kontatzen da. Honek, inguruko artzain eta herritarren eta
Larraungo biztanleen aurka erasotzen zuen. Hauek urtean pertsona bat herensugeari
eskaintzea erabaki zuten, beste pertsonei eraso ez ziezaien. Teodosiok, urteetan Aralar
mendizerran noraezean zebilenak bere kate astunekin, Larraungo zorigaiztoko gizona aurkitu
zuen herensugearengana zihoala haren janari izateko. Gizonaren atsekabeaz konturatuta,
Teodosiok bere bizitza eskaini zion gizon hari hura salbatzeko, Teodosiori inoiz ez
baitzitzaizkion kateak higatuz apurtuko. Eta gizona agurtuz herensugearengana abiatu zen
Larraungoaren ordez.
Gau hartan, ekaitz izugarri baten erdian, Teodosiok, kobazuloaren aurrean
zegoenean, barruan orroa beldurgarriak entzun zituen eta Herensugea agertu zen hantxe
bertan irentsiko zuela mehatxatuz. Teodosio, defentsarik gabe, belauniko jarri zen eta San
Migeli babesteko erregutu zion, San Migel: lagundu, mesedez!, oihukatuz.
Momentu hartan, zarata handi batek lagunduta, San
Migel Goiaingerua agertu zen gurutze
bat buruan zuela, eta herensugea garaitu eta hil
egin zuen Nor Jaungoikoa bezala! oihukatzen zuen
bitartean. Momentu horretan bertan, Teodosioren kateak
apurtu egin ziren eta aske gelditu zen, Jainkoak barkatuta, eta
honek erlikia bat eman zion.
Behin aske zegoela, Goñiko bere etxera itzuli zen eta bertan emaztea eta
semea itxaroten zeuden. Jainkoari eskerrak emanda, Aralarko goialdean dagoen
Goiaingeruaren santutegia altxatu zuten, San Migel in Excelsis deitu zutena.
Aralarko San Migel santutegian, oraindik ere Goñiko Teodosiok ustez jantzi
zituen kateak ikus daitezke.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina