2019(e)ko ekainaren 12(a), asteazkena

BURUA ERABILI ETA ASMATU

BURUA  MARTXAN  JARRI, EA ERANTZUN GUZTIAK ASMATZEN DITUZUN


 ASMAKIZUNAK

.Zein da hankak buruan dituen animalia?

.Bi mendien artean lehoi orrua. Zer da?

.Gizon txikia eta txapela handia. Zer da?

.Itsasoan edan eta mendian txisa egin. Zer da?

.Zer ote da?: beti erretan eta beti negarrez.

.Punta bat eta zulo bat ditu. Zer da?

.Konbentu honek lau gelatxo ditu, eta gelatxo bakoitzean monja bat. Zer da?

.Tripa lodia eta ahoa zabal zabala ditu. Zer da?

.Basora doanean etxera begira, etxera datorrenean basora begira. Zer da?

.Gero eta gehiago kendu eta gero eta handiagoa da. Zer da?

(Zihur nago asmatu dituzula; hala ere hemen doaz erantzunak)











2019(e)ko ekainaren 4(a), asteartea

INGURUMENAren NAZIOARTEKO EGUNA

EKAINAK 5: INGURUMENAren NAZIOARTEKO EGUNA

                                     INGURUMENA ZAINTZEA, GURE ESKU DAGO

INGURUMENAREN NAZIOARTEKO EGUNA, ingurumenari Nazio Batuen Erakundeak (NBE) urtero eskainitako eguna da.
Egun honen ospakizuna 1972ko abenduaren 15ean onartu zen, Nazio Batuen Batzar Nagusian. Egun horretan, Nazio Batuen Ingurumen Programa (UNEP ingelesez) ere onartu zen.
NBEa egun honetaz baliatzen da mundua ingurumenak duen garrantziaz kontzientziatzeko, jendeari hurbiltasuna erakutsiz.
Gainera, egun honi esker, urtero komunikabideetan ingurumenari buruz hitz egitea lortzen da, eta ondorioz, gaur egun, gure gizartean lekua duen gaia bihurtu.
Horren adibide argia da, datorren larunbatean, ekainak 8, URDAIBAIn egingo den zabor bilketa orokorra, ehunka pertsonek parte hartuz, hainbat erakunderen babes zuzenaz.

















Ez legoke hobeto EZ ZIKINTZEA, garbitu beharrik ez 

izateko?







2019(e)ko maiatzaren 18(a), larunbata

Maiatzak 21: KULTURA ANIZTASUNAREN MUNDU EGUNA

Maiatzak 21:

KULTUR ANIZTASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA


UNESCOk, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak, 2001. urtean, Kultur Aniztasunari buruzko Adierazpen Unibertsala hartu zuen eta 2002ko abenduan, Biltzar Orokorrak, maiatzaren 21a aitortu zuen Kultura Aniztasunaren Mundu Egun bezala Elkarrizketa eta Garapenerako. Egun honek, Kultur Aniztasunari balioa eman eta hobeto "elkarbizitzen" ikasteko aukera ematen digu.







2019(e)ko apirilaren 8(a), astelehena

Apirilak 8: IJITO HERRIAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Apirilak 8: 
IJITO HERRIAREN NAZIOARTEKO EGUNA



Ijitoak, buhameak, motxaileak, erromaniak...
Euskal Herrian bost mendeko sustraiak dituen komunitatea da. 

Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentzia: 
“Ijito-herria kontinenteko diskriminatuena da, judu eta arabiarren 
  gainetik”. 
Diskriminazio hori eman ez dadin gure artean, zer egin dezakegu?
Zure iritzia iruzkinean eman dezakezu.

Euskal Herriko ijitoak hobeto ezagutzeko, ETBko "UR HANDITAN" programako emanaldi hau ikus dezakezu, hemen klikatuta. 


2019(e)ko martxoaren 19(a), asteartea

Martxoak 21: POESIAren EGUNA

MARTXOAK 21:  POESIAren EGUNA

Hori  dela  eta,  hemen  doaz  olerki  batzuk. Ea  gustukoak  diren.

BALET ZORAGARRIA
(Mikel Zarate)

Urdinaren pozetan
txoriak kantari,                  
haizeari musuka
dantzan larrosa bi.                      
Argi eta kolore,
usai eta bizi,
udaberri goizeko
balet zoragarri.


Jarraiko olerkiak  Joxeantonio Ormazabal-enak dira


    ASKATASUNA
Pinpin-txoria
Txin-txin txin-txiri
kanta kantari,
adarrez adar
salta saltari.
Zezen gorria
ufa-ufaka
ipur saltoka
eta adarka.
Jolaserako
gogoa dauka.
Kaiolarik ez
txoriari!
Ezpatarik ez
zezenari!
Ireki leihoa
askatasunari!
       


TXIKIEGIA ORAINDIK
"Zu txikiegia zara oraindik".
Entzun dut hamaika mila aldiz.
Ezin naiz ibili plisti-plasta
ezin naiz ibili zaldiz.
-Ama, ez kendu telebistarik.
Pelikula hori ikusi nahi dut nik.
-Zu txikiegia zara oraindik,
eta zoaz azkar ohera.
Sartu naiz ohean, deitu diot aitari
eta ipuin bat kontatzeko eskatu berari.
Baina gogo gutxi aitatxok
alabaren kutixia betetzeko:

-Handiegia naiz ni, ume,
zuri ipuinak kontatzen hasteko.
Eta bada garaia lo egiteko.
Telebistari begira
aitatxo eta amatxo
egongelan gelditu dira
mantxo-mantxo.
Batzuk handiegiak
besteak txikiegiak...
maindirepean bustirik
daude nire begiak.


                              
  AMETSAK
Maindire zuri artean
ezkutatzen dira nire ametsak.
Berdinak direla
zuriak eta beltzak.
Nazio probreei laguntzen dietela
nazio aberatsak.
Diruak baino gehiago
balio duela bizitzak.
Isildu direla betirako
bonba eta fusil hotsak.
Baina jaikitzen naizenean
pena hartzen du nire bihotzak.
Maindire zuri artean
ezkutatzen direlako nire ametsak.



EZIN DUT ULERTU
Amak esaten dit:
"Isilik zaudenean politagoa zara."
Baina sukarrarekin gaixo nagoenean
jartzen dit eskua kopetan
eta begira zer esaten didan, hara:
"Ez al daukazu hizketarako gogorik,
ez al zaude ondo, Ainara?"
Nik ezin dut ulertu.
Zergatik nahi ote nau amak
gaixo nagoenean berritsu
eta ondo nagoenean mutu?


(Zeuk ere gehitu dezakezu olerki bat edo beste)



2019(e)ko martxoaren 1(a), ostirala

MARTXOA: ESAERA ZAHARRAK

MARTXOAri buruzko ESAERA ZAHARRAK

OTALOREA


.Oteak martxoan lore, ez da faltako eri eta dolore.

• Martxoaren hasiera, zaharraren piztuera.

•  Eguzki eta euri, martxoko eguraldi.

• Lantxerra (lanbroa) martxoan noraino, apirilean elurra haraino.

•  Martxoko trumoiak berrogei eguneko ekaitza.

• Martxo ederrak eta lehorrak upelak betetzen  ditu.

• Martxoan haizea eta apirilean busti, urtea ez da izango inolaz zapuzti.

• Martxoaren erdi inguruan, gaua eta eguna ia      berdinduan.

• Martxoko lorea: batere ez, hobea; apirileko lorea: urrea baino hobea;       
  maiatzeko lorea: batere ez baino hobea.

• Martxoa eurite, urtea ogite.

• Martxoan lainoa noraino, apirilean elurra haraino.

  .Martxoan al da Pazko? Urte hartan izango da arto asko.

• Martxoak maiazten badu, maiatzak martxotzen du.


2019(e)ko otsailaren 7(a), osteguna

BURUARI ERAGIN

DENBORAPASA ZORAGARRIA


Azkar jokatu behar duzu, bestela…

Jolas hau japoniarra da, zure burmuina nola dabilen jakiteko primerakoa.

Nola jakin?
.Egin “klik” esandako tokian.
.Jolasten hasteko, kliklatu START
.Itxaron “3,2,1” bukatu arte.
.Gogoan hartu agertzen diren zenbakien kokapena.
.Ondoren biribiletan “klikatu” zifra TXIKIENETIK HANDIENERA (ZERO agertzen bada, bera da lehena)
.Jolasa bukatzean, balorazioa agertuko zaizu, eta, nahi baduzu… segi jolasten.
¡¡¡¡ONDO PASA, eta SORTE ON!!!!

Jolastu nahi baduzu, egin "klik" azpian:
.Eragin buruari