2020(e)ko otsailaren 4(a), asteartea

AGATE DEUNA

Otsailak 5, AGATE  DEUNA
Otsailak 4, AGATE  DEUNA  BEZPERA
Nondik dator Agate Deuna ospatzeko ohitura?
 Agate Deuna, Dona Agata edota Santa Ageda, santa eta martiri kristauaren eguna otsailaren 5a bada ere, Euskal Herrian erritual guztiak bezperan egiten dira. Euskal Herri osoan ospatzen da, baina Bizkaian sekulako indarra du jai honek, Arratiako abesbatza izanik ospetsuena. Euskal kristau tradizioari jarraituz, San Migel litzateke Euskal Herriaren zaindaria, irailaren 29an ospatzen da bere jaia, eta Agate Deuna gure zaindarisa. Santa Ageda bezpera dugu, Euskal Herriko eguna, etxe guztiak kantuz pozteko aukeratua duguna -dio gure geografiaren luze-zabalean zabalduen dagoen kopletako batek.
Historiak esaten duenez, Agate Deuna siziliarra omen zen, 230. urtean jaioa. Oso neska ederra zenez, Erromak Sizilian zuen Quinciano izeneko gobernadore paganoak Agateren amodioa lortu nahi izan zuen.  Agate, berriz, kristau sutsua omen zen, eta ez zuen Quincianok ezkontzeko egin zion proposamena onartu. Gobernadoreak oso gaizki hartu zuen neskaren ezezko erantzuna eta amorruz bete zen. Agate kartzelan sartu, eta borreroen esku utzi zuen tortura zezaten. Bularrak moztu egin omen zizkioten eta hogeita bat urte zituela, hil zen 251ko otsailaren 5ean. Kristauentzat neskato hau izan da Europako mendebaldean izan duten lehenengoetako birjin martiria.
Eta zer egiten du santa siziliar honek Euskal Herrian? Eta holako indarraz, gainera!
Erantzuna ez dago argi. Batzuek diotenez, marinelek eta itsasgizonek ekarri zuten neska honen historiaren berri euskal portuetara, eta hortik zabaldu omen zen gure lurralde osora. Baliteke hala izatea. Badira, berriz, jai hau asko ere zaharragoa dela esaten dutenak.  Hauen ustez, neguko solstizioaren ondorengo jaietako bat izan liteke eta otsailean oraindik lo dagoen lurra esnatzeko erritmopean errito zaharrekin loturik legoke: gogora dezagun nola jotzen den lurra makilaz. Hauek diotenez, bazen jai zahar bat egun horietan, eta kristauek  Agate Deunaren tradizioa ezarri omen zuten tradizio jentil zaharraren gainean, Eguberri egunean Kristoren jaiotza, edota udako solstizioarekin, san Joanen eguna jarriaz, egin zuten bezalaxe. Nork daki!
Dena den, sineskeria eta kondaira asko dago jai honen euskal usadioan: esan oi da ahuntz edo katu itxuraz agertu izan zaiela gaizkile bat edo besteri bere zigorra emanez hauei egindako gaiztakeriengatik. Bestalde, Nafarroako Ablitas herrian uste zutenez, Agate Deunaren bezperako gauean banatzen omen ziren hurrengo urte osorako ekaitzak. Era berean, garai batean, baserri giroan, Agate deuna mundura umeak ekarri berri zituzten emakumeen zaindaria izaten zela diote, eta ume jaio berriari esnerik eman ezin zioten amek, santa horri eskatzen ziotela laguntza. Hainbat herritan, jai hau, biziki loturik dago inauteriarekin. Herri askotan, bezperako gauean,  elizetako ezkilak jotzen zituzten eta nekazariek zahato zaharrak erre eta gero errautsak bildu eta baso eta soroetan zabaltzen zituzten suteak eta izurriak aldentzeko.
Antzina, gauez abesten ziren Santa Ageda koplak eta mutil gazteak bakarrik ibil zitezkeen gau horretan kantari, baina XX. mendeko azken hamarkadetan jai hau emakumeentzat eta adin guztietako jendearentzat zabaldu zen.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina