2017(e)ko martxoaren 3(a), ostirala

MARTXOAK 8: EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA

MARIE COULUN Euskal feminismoaren aitzindari
Parisen jaio arren, Marie Coulun lehen emakume feminista euskalduna bezala hartzen da. Esan bezala, Frantziako hiriburuan jaio zen Coulun, 1837an. Ondoren, baina, madame d’Abbadia d’Arrast bezala ezagunagoa egin zen, izan ere, 21 urte zituela Charles Abadia Urrustoi-rekin ezkondu zelako. Charles, Marie eta beren seme-alabek, familiak Baigorrin (Behe Nafarroa) zuen Etxauzko gazteluan igarotzen zuten urtearen zatirik luzeena; gainontzeko hilabeteak, aldiz, Parisen ematen zituzten.
Marie Coulon protestantea zen eta horrek zenbait arazo eragin omen zizkion senarraren familiarekin, seme-alabak ere protestantismoan hezi baitzituen. Frantziako Emakumeen Kontseilu Nazionalak (CNFF) eta Emakumeen Eskubideen Aldeko Belgikako Ligak antolatutako lehendabiziko kongresu feministetan parte hartu zuen Marie Coulonek, CNFFeko partaide bezala.
Emakumeen “sufragio eskubidea” (hauteskundeetan emakumeak botoa emateko eskubidea) temati defendatu zuen Coulonek eta Askatutako Emakumeen Patronatuaren Obra taldeko idazkari nagusia izan zen. Talde horrek espetxeratutako emakumeak bisitatzen zituen eta kartzela utzi ondoren ere laguntza eskaintzen zien. Era berean, alkoholismoak emakumeei eragindako kalteen aurka lan egiten zuten zenbait taldetan lagundu zuen Coulunek.
Azken finean,
emakumeen eskubideen aldeko aktibista sutsua izan zen eta emakumeen egoera hobetzeko borroka egin zuen. Hainbat eta hainbat egunkari eta aldizkaritan iritzi artikuluak idatzi zituen, gehienetan emakumeekin zerikusia zuten gaien inguruan. Bere alaba Lisettek, gainera, amaren testigua hartu zuen gerora.
Lisette Abadia Urrustoi Pau-en (Frantzia) jaio zen 1859an, eta, bere ama bezala, bizitza osoa emakumeen eta justizia sozialaren aldeko borrokan eman zuen. Etxauzen zendu zen 1902an, 43 urterekin.
Ama-alaben ustez, «jatorrian gizonak eta emakumeak berdinak ziren, baina gerora emakumeek mendez mende inoiz berreskuratu ez duten indarra galdu zuten». Ama-alaben iritziz, biziki garrantzitsua zen emakumeek indar fisiko handia izatea, eta, horretarako, gimnasia egiten zuten egunero. Euskal Herriko mendiak oinez zeharkatu zituzten ama-alabek, eta hainbat txokotako emakume euskaldunak ezagutu zituzten horrela, baita haien bizimodu eta ohiturak ere.
Gerora, Maria eta Lisettek idatzi zituzten idazki eta liburuetan “eskualdun emakume azkarrak” moduan aipatuko zituzten euskal emakume haiek, emakume euskaldunek bazutelako eurek hainbeste estimatutako indar fisiko, kemen eta adorea. Kontuan izan behar da garai hartako gizartearentzat emakumeak andere zurrun eta ahulak zirela.
Emakumeen aldeko militantea izan ondoren bizitza osoan, Marie 1913an hil zen, Zalantzarik gabe, Marie Coulun eta bere alaba Lisette euskal feminismoren aitzindari garrantzitsuak izan zirela esan genezake.
 (1933an eman zuten botoa lehen aldiz emakumeek Estatu Espainolean, eta 1945ean Frantziar Estatuan)




EULALIA ABAITUA   Lehen emakume argazkilari  euskalduna
Eulalia Abaitua euskal argazkilaritzaren bene-benetako aitzindaria izan zen. 1853ko urtarrilaren 25ean Bilbon jaio eta bertan hil zen 1943ko irailaren 16an.
Maria Elvira Juliana izenarekin bataiatu zuten, baina, jaio eta egun gutxira bere ama hil egin zen, eta, hala, amaren izena hartu zuen omenaldi gisa, Eulalia. Eulaliaren aita, Luis de Abaitua, merkataria zen, eta, emaztea hiltzean, inude (umeez arduratzen zen emakumea) bat kontratatu zuen bai Eulalia bera bai Felipe seme zaharrena hezteko.
Familia aberatseko kide, Katalunian egin zituen Eulaliak ikasketak. 1872an, Juan Narciso de Olano y Picavea de Lesaca ontzi jabearekin ezkondu zen Abaitua, eta lau seme-alaba izan zituzten. Erresuma Batuko Liverpool hirira joan zen bizitzera familia bizkaitarra, Euskal Herria karlista eta liberalen arteko gerran ari zelako.  Bertan ezagutu zuen Eulaliak argazkilaritza. Arte honekin erabat maiteminduta, argazkiak egiteko beharrezko aparailuak erosi zituen Erresuma Batuan eta argazkilaritzako teknika ezberdinak ikasi zituen.
Behin guda amaituta, 1878 inguruan, Euskal Herrira itzuli ziren Abaitua, senarra eta euren seme-alabak, eta etxebizitza eraiki zuten Bilboko Begoña auzoko basilikaren ondoan: Pino jauregia. Etxeko sotoan argazkilaritza laborategia jarri zuen Eulaliak eta bertan abiatu zuen argazkilari bezala egindako lan ugaria.
1941ean, Eulaliak Pino jauregia utzi zuen azken urteak Bilboko Kale Nagusian igarotzeko. Bi urte geroago hil zen, 1943ko irailean.

Eulalia Abaitua da Euskal Herriko lehen emakume argazkilaria, aurretik, ez baita beste emakumerik ezagutzen. Pertsona xume eta umilak, gehienetan erabat anonimoak, ziren bere kamerarekin irudikatzen zituen protagonistak. Hori dela eta, bere lanek balio handiko dokumentu historikoa osatzen dute, garai hartako ohitura, jai eta tradizioak ezin hobeki jasotzen dituztelako. Azken batean, gure herriaren bizitza ezagutzeko ezin hobeak dira. Eulaliak, gainera, bereziki gogoko zuen emakumeak irudikatzea, baserri zein hiri eremuetako andreak. Euren eguneroko bizimodua ezagutzeko garrantzi handia du bizkaitarraren lanak.

Abaituaren lanak Bilboko Euskal Museoaren bilduman daude. Zehazki, 2.500 argazki inguru daude bertan. 1990ean aurkeztu zen lehenengoz emakume bilbotar honen lana eta dagoeneko bost erakusketa antolatu ditu Bilboko museoak. Hiru gai jorratzen dira bereziki Abaituaren lanetan: bizitza pribatua, mundu tradizionala eta hiritarra, eta bidaiak.
Eulalia Abaituak egindako argazki batzuk






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina