2018(e)ko martxoaren 6(a), asteartea

MARTXOAK 8aren INGURUAN: LEHEN EMAKUME ARGAZKILARI EUSKALDUNA

EULALIA ABAITUA, EUSKAL HERRIKO LEHEN EMAKUME ARGAZKILARIA

EULALIA ABAITUA argazkilaria (1853-1943) Bilbon jaio zen. Bera jaio eta handik gutxira hil zen bere ama.
Bartzelonan ikasi zuen Eulaliak. Baina bigarren gerrate karlista hasi zenean ihesi joan behar izan zuen Abaitua familiak Liverpool-era (Ingalaterra). Ingalaterran ezkondu zen Eulalia, 19 urterekin, 1872an, eta han, Liverpool hirian, ezagutu eta sakondu zuen argazkilaritzan. 1878. urte inguruan senar-emazteak Bizkaira itzuli ziren, eta Begoña basilikaren ondoan jarri ziren bizitzen, eginarazi zuten ingeles estiloko txalet batean. Sotoan argazki-laborategia jarri zuen Eulaliak.
Hasieran etxekoei egiten zizkien argazkiak: sendikoei, neskameei, haurtzainei, lorezainei, sukaldariei, umeen irakasleei... Argazkia egin soilik ez, mozorrotzeko ere eskatzen zien, behar bazen, eta argazkirako tokia ere prestatu egiten zuen.
Herri xehea ere islatzen du argazkietan Eulaliak: Erribera azokako sardina-saltzaileak, Ibaizabal bazterreko arropa-garbitzaileak, edo

esnezaleak, arrantzaleak…
 Jendeaz gain, Bilboko arkitektura ikus daiteke bere argazkietan, edo orduko ohiturak eta festak. Esate baterako, erlijio-festak, zeren Begoña basilikatik gertu bizi zenez, oso eskura zuen festa-giro hura, eta hara hurbiltzen zen handi-jendea erretratatzera.
Baina handi-jende hori Eulaliaren etxera ere joaten zen. Garai hartako burges familia bat zen berea. Ez zuen sekula estutasun ekonomikorik ezagutu, eta horregatik bihurtu zuen Eulaliak argazkilaritza, edo kazetaritza grafikoa, bere afizio. Ona zen bere zaletasunean: bere lana ikertu dutenek esaten dute nahiko argazki onak egiten zituela.
Esan dugu Begoñarekin lotura oso estua izan zuela, baina ezin da esan Begoñatik mugitu ez zenik. Alde batetik, Bilboko erdigunean ere bizi izan zelako, eta bestetik, leku askotan ibili zelako argazkiak egiten: Arratia bailaran, Sestaon, Lekeition, Ondarroan, Donostian, Madrilen, Malagan, Lourdesen, Venezian, Kretan…
 Eulalia Abaitua 1943an hil zen. Hil ondoren bere hainbat argazki geratzen zaizkigu Bilboko Euskal Museoan, argazkien herena, adituen ustez: 2.500 argazki; batzuk plaka estereoskopikoak dira. Plaka hauetan argazkia hiru dimentsiotan ikusten da. (Hauetariko hamasei argazki ikusgai daude Gernikan, Euskal Herria Museoan, ekainaren 17ra arte)  
2.500 argazki horietan emakume asko ageri dira; agian anonimotasunetik atera nahi izan zituenak. Bere izena ere ezezaguna izan zen, zeren argitaratu diren hainbat irudiren argazki-oinetan “Señora de …” gisara ageri dira, senarraren abizenarekin, alegia.
Baina senarraren abizena ez, baizik eta Eulalia Abaitua izen-abizenak dituzte, besteak beste, Bilboko kale batek, Guadalajarako beste batek eta Madrileko Valdemoro herriko biribilgune edo glorieta batek. 

(Biografia hau HABE-IKASBILek argitaratua da)

Hona hemen Eulaliak egindako argazki batzuk

(Bere hainbat argazki behin betirako bilduman "Euskal Museoan" (Bilbo: Unamuno Plaza 4) ikusi daitezke.)




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina