SANTA AGEDA -AGATE DEUNA- (otsailak 5), SAN BLAS (otasilak 3), KANDELARIO EGUNA (otsailak 2)
Kopla-kantari ibiltzen
da jendea, etxez etxe, Santa Ageda bezperan, otsailaren 4an, eskuan
makila hartuta, makilaz lur-joka eta, kantua amaitzean, Eup!
oihuka.
Makilaz lur-joka eta eupadaka?
Zer dela eta? Zer dela eta egun horretan bakarrik kantatzen da makilaz lur-joka
eta eupadaka?
Ea zer iruditzen zaizuen azalpen hau:
Inoren etxean ate-joka jardun eta, diosala egiteko,
ohikoa da Eup! hitza erabiltzea: Bizi al zarete?
esan nahi izango balu bezala.
Santa Ageda bezperan, ordea, makilaz lur-joka jarduten
da; beraz, lurrari esango balitzaio bezala Bizi al zara? Izan ere, neguaren erdi-erdia izaki,
lurra "lo" dago, eta lurra "esnatzeko" kantatzen da makilaz
lur-joka eta eupadaka.
Izan ere, lurra "esnatzen" ez bada, ez dator
udaberria, eta
ez badator udaberria... akabo bizia!
Neguaren erdi-erdian egokitzen da, bai, Agate Deuna
bezpera, eta honen aurreko egunean, San Blas:
San
Blas, ito arte hartu arnas, dio euskal esaera zaharrak, eztarriko osasuna,
ohitura zaharraren arabera, santu horrek zaindu dezakela gogorarazteko. Ez da harritzekoa, alde
batetik, gaur egun ere, hainbatek “San Blas soka” deiturikoa lepotik zintzilika
erabilatzea hamabi egunez, eta, bestalde, “San Blas opilak” jateko tradizioak
jarraitzea, eztarriko minetatik salbu egoteko.
Agian bi ohitura horiengatik, Agate Deunaren kopla
zaharrean hauxe esaten da: … eztarriz sano gabiltza eta kanta nahi dugu
gogoz.
Eta San Blas bezperan, otsailaren 2an, Kandelario
eguna, beti ere neguaren
luze-laburra (ea asko ala gutxi falta zen negua amaitzeko) iragartzen duen jaia
esaera zaharretan:
*Kandelarioz
elurra, joan da neguaren beldurra.
*Kandelarioz
euria, laster da udaberria.
*Kandelarioz
eguzki, negua dator atzetik.
Kandelario eguneko eguraldiaz gainera, hartza zen, garai
bateko Euskal Herrian, neguaren luze-laburra iragartzen zuena; izan ere, hartzak ere jakin
nahi zuen udaberria bazetorren ala ez, eta otsailean, Kandelario egunean edo,
irteten zen leize-zuloko lozorrotik. Duela urte asko desagertu ziren hartzak
gure lurretatik.
Hartza, Euskal Herrian, neguaren luze-laburraren iragarle,
eta Ipar Amerikan muxar antzeko marmota bat daukate horretarako, zinemak erakutsi
digunez.
Kandelario eguna, jakina, kandelak pizteko eguna da; hain zuzen ere, argi txiki
horiekin amandre Eguzkiari lagundu nahirik bezala negu iluna menperatzen,
udaberria erakartzeko eta, udaberriarekin batera, bizia ekartzeko.
Zenbat jairekin
hasi den Aratusteekin bukatzen den hilabete labur hau!
Gozatu dezagun!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina