EULALIA
ABAITUA, EUSKAL HERRIKO LEHEN EMAKUME ARGAZKILARIA
EULALIA ABAITUA argazkilaria
(1853-1943) Bilbon jaio zen. Bera jaio eta handik gutxira hil zen bere ama.
Bartzelonan
ikasi zuen Eulaliak. Baina bigarren gerrate karlista hasi zenean ihesi joan
behar izan zuen Abaitua familiak Liverpool-era (Ingalaterra). Ingalaterran
ezkondu zen Eulalia, 19 urterekin, 1872an, eta han, Liverpool hirian, ezagutu
eta sakondu zuen argazkilaritzan. 1878. urte inguruan senar-emazteak Bizkaira
itzuli ziren, eta Begoña basilikaren ondoan jarri ziren bizitzen, eginarazi
zuten ingeles estiloko txalet batean. Sotoan argazki-laborategia jarri zuen
Eulaliak.
Hasieran
etxekoei egiten zizkien argazkiak: sendikoei, neskameei, haurtzainei,
lorezainei, sukaldariei, umeen irakasleei... Argazkia egin soilik ez,
mozorrotzeko ere eskatzen zien, behar bazen, eta argazkirako tokia ere prestatu
egiten zuen.
Herri
xehea ere islatzen du argazkietan Eulaliak: Erribera azokako
sardina-saltzaileak, Ibaizabal bazterreko arropa-garbitzaileak, edo
esnezaleak,
arrantzaleak…
Jendeaz gain, Bilboko arkitektura ikus
daiteke bere argazkietan, edo orduko ohiturak eta festak. Esate baterako,
erlijio-festak, zeren Begoña basilikatik gertu bizi zenez, oso eskura zuen
festa-giro hura, eta hara hurbiltzen zen handi-jendea erretratatzera.
Baina
handi-jende hori Eulaliaren etxera ere joaten zen. Garai hartako burges familia
bat zen berea. Ez zuen sekula estutasun ekonomikorik ezagutu, eta horregatik
bihurtu zuen Eulaliak argazkilaritza, edo kazetaritza grafikoa, bere afizio.
Ona zen bere zaletasunean: bere lana ikertu dutenek esaten dute nahiko argazki
onak egiten zituela.
Esan dugu
Begoñarekin lotura oso estua izan zuela, baina ezin da esan Begoñatik mugitu ez
zenik. Alde batetik, Bilboko erdigunean ere bizi izan zelako, eta bestetik,
leku askotan ibili zelako argazkiak egiten: Arratia bailaran, Sestaon,
Lekeition, Ondarroan, Donostian, Madrilen, Malagan, Lourdesen, Venezian,
Kretan…
Eulalia Abaitua 1943an hil zen. Hil
ondoren bere hainbat argazki geratzen zaizkigu Bilboko Euskal Museoan,
argazkien herena, adituen ustez: 2.500 argazki; batzuk plaka estereoskopikoak
dira. Plaka hauetan argazkia hiru dimentsiotan
ikusten da. (Hauetariko hamasei argazki ikusgai daude Gernikan, Euskal Herria
Museoan, ekainaren 17ra arte)
2.500
argazki horietan emakume asko ageri dira; agian anonimotasunetik atera nahi
izan zituenak. Bere izena ere ezezaguna izan zen, zeren argitaratu diren
hainbat irudiren argazki-oinetan “Señora
de …” gisara ageri dira, senarraren abizenarekin, alegia.
Baina
senarraren abizena ez, baizik eta Eulalia Abaitua izen-abizenak dituzte,
besteak beste, Bilboko kale batek, Guadalajarako beste batek eta Madrileko
Valdemoro herriko biribilgune edo glorieta batek.
(Biografia hau HABE-IKASBILek argitaratua da)
Hona hemen Eulaliak egindako argazki batzuk
(Bere hainbat argazki behin betirako bilduman "Euskal Museoan" (Bilbo: Unamuno Plaza 4) ikusi daitezke.)